Emakume batek berea den edo ez den obulu baten bidez ernaldutako enbrioia haztea bere sabelean, beste norbaiten eskariz eta kontratu baten arabera, non ezartzen baita haur jaioberria eskatzailearena izango dela, ez erditu den emakumearena.
Erditu ondoren, haurdun egon den emakumeak ez dauka umearekiko lotura legalik, eta eskatzailearen esku utzi behar du. Euskal Herrian, haurdunaldi subrogatua ez da legezkoa; legearen arabera, erditu den emakumearena da umea. Alabaina, beste herrialde batzuetan bada legezkoa; batzuetan, modu altruistan egindakoa bakarrik, eta beste batzuetan, berriz, baita diru-truke egindakoa ere. Europar Batasuneko 2024/1712 Zuzentarauak esplotaziotzat jotzen du haurdunaldi subrogatua.
Nolanahi ere, arrazoi altruistak aitortzen direnean ere, diru-ordaina egoten da normalean, haurdunaldiak haurdunari ekartzen dizkion kalte eta eragozpenak nolabait ordaintzeko (bajak, medikutarako joan-etorriak, etab.). Bestalde, norberaren herrialdean legezkoa ez bada, aukera dago haurdunaldi subrogatua legeztatua daukan herrialde batera joan, prozesua han egin eta han jaiotako haurrak norberaren herrialdera ekartzeko.
Haurdunaldi subrogatuaren gaiak zeresan handia sortu du feminismoaren barruan; besteak beste, jardun horren negozioak behar ekonomiko handiena daukaten emakumeei ekartzen dien esplotazioa nabarmendu da.